· Unetxo besterik ez da zuretzat; bizia, gaixo askorentzat
Odola ematea oso erraza eta segurua da, ez du min ematen eta profesional espezializatuek egiten dute. Ez dakarkizu inolako arriskurik; lurralde guztiko gaixoei, berriz, sendabidean aurrera egitea dakarkie.
· Odol-emate altruistak, odola lortzeko iturri bakarra
Medikuntzaren eta teknologiaren aurrerapenak gorabehera, oraingoz odola ez da fabrikatzen eta, hortaz, pertsonen odol-emate altruistak dira odola lortzeko iturri bakarra.
· Odol-emate bera hiru gaixorekin erabil daiteke
Odol-emate bakoitzetik hiru odol-osagai, zeinek bere aplikazioarekin, lortzen direnez, hiru gaixori lagundu ahal diegula esan dezakegu.
· Odolak eta odolaren osagaiek bizialdi mugatua dute
- Globulu gorrien kontzentratuak 42 egunez kontserbatzen dira
- Odol-plasma urte betez kontserbatzen da.
- Plaketak 5 egunez kontserbatzen dira
· Egunero erabiltzen da odola: 5 minuturo, norbaitek behar izaten du odola Euskadin
Aldi oro behar izaten da odola eta, hortaz, aldi oro eman beharko da odola. Egunero, Euskadiko ospitaleek eta klinikek odola edo odolaren osagaiak behar izaten dituzte gaixoak zaintzeko, ebakuntza gehienek eta tratamendu mediko askok transfusioak behar izaten baitituzte.
· Odol-ematea, eguneroko ekintza
Odol-ematea ez da ezbeharrekin edo larrialdiekin lotuta egon behar halabeharrez; eguneroko eta ohiko ekintza izan behar da gure bizitzetan. Odola aldizka ematen badugu bakarrik izango dugu odol nahikoa eta segurua stocken.
Gogorarazten dizuegu gizonek 4 aldiz urtean eta emakumeek 3 aldiz urtean eman dezaketela odola, baldin eta odol-emateen artean gutxienez bi hilabete igarotzen badira.
· Odolaren erabilera gorakorra
Odolaren transfusioa edo odolaren deribatuen transfusioa gaurko osasun-laguntzaren ezinbesteko alde bilakatu da. Bizi-itxaropenaren gehikuntza, medikuntza intentsiboko unitateak sortu izana eta lehen sendaezintzat jotzen ziren gaixo batzuen etengabeko behar garrantzitsuak direla eta, odola gero eta gehiago behar da.