Odol emaileak:

Odola ematen duen jendeari ordaindu egiten zaio?
EZ. Ordaindutako emanaldia debekatuta dago. 25 emanaldi egin dituzten pertsonei zilarrezko domina ematen zaie eta 50 emanalditara iristen direnei urrezko domina. Batzuetan odol-emaileek promozioko oparitxoren bat jaso dezakete: giltzatakoak, pin-ak, etab.

Odola ematea mingarria al da?
Ziztatzeko unean halako min pixka bat senti dezakezu, baina hala ere gaur egun orratz berezi batzuk erabiltzen dira ahalik eta min gutxiena egiteko, eta beraz odol-analisi batean senti dezakezuna baino arinagoa izango da betiere.

Nahi dudanean utz al diezaioket odola emateari?
BAI. Odol-emanaldia altruista eta borondatezkoa da. Inork ezin du beste inor odola ematera behartu. Odol-emaile batek utzi egin nahi duela edo odola emateko dei gehiago ez dituela jaso nahi jakinarazten badu, ez zaio horrelako dei gehiagorik egingo. Hala ere, ez du horregatik odol emailearen txartela galduko.

Urteetan odola eman izan duen pertsona bati zerbait gertatzen zaio emateari uzten dionean?
EZ. Gorputza etengabe ari da odola sortzen eta berritzen. 120 egunez behin gure gorputzak daukagun odol guztia berritzen du, odol-emaile izan ala ez izan. Odola emateak ez du inolako eraginik prozesu horretan. Beraz, odola emateari uzten diogunean gure gorputzak odola sortzen eta berritzen segitzen du, odola ematen hasi aurretik bezalaxe.

Odola emateak ahuldu egiten du?
EZ. Horri buruzko legeriak ezartzen duenez, emanalditik emanaldira gutxienez bi hilabeteko tartea utzi behar da. Gainera, ez du baimentzen urtean gizonek 4 emanaldi baino gehiago egitea eta emakumeek 3 emanaldi baino gehiago egitea. Neurri horiek kontuan izanik, gorputzak ez dauka inolako zailtasunik emandako odola ia berehala berriro sortzeko.

Odola emanez etekinen bat lortzen al da?
EZ. Odola emanez ez da inolako etekinik ateratzen baina poz-atseginez ikusiko dugu gure odol-emanaldiari esker gizaki batzuk salbatu egin direla.

Odola emateak etekinik sortzen ez badu, orduan sendagileak zergatik agintzen die pertsona batzuei odola emateko?
Batzuetan pertsona batzuek globulu gorri gehiegi sortzen dituzte edo beren gorputzean burdina gehiegi daukate metatua. Horrelakoetan odola atera behar zaie globulu gorrien edo burdinaren maila normaldu arte. Hala ere, odol-ateratze horiek ez dira legeak emanaldietarako ezarritako neurriei begiratuz egiten, horrela ez bailukete inolako ondoriorik izango. Denbora-tarte laburrez eta astean behin egin ohi dira normalean eta odol hori ez da transfusiorako erabiltzen, hura ez baita borondatezko emanalditzat hartzen, odol-ateratze terapeutikotzat baizik.

Odola ematean gaixotasunen bat harrapatzeko arriskua dut?
EZ. Odol-emanaldietan erabiltzen den material guztia behin bakarrik erabiltzen da eta gainera ezinezkoa da hura berriz erabiltzea, emanaldia egin ondoren beste odol-ateratze bat egiteko baliogabeturik geratuko baita.

Odola ondo aztertzen badute, zergatik egiten dizkigute hainbeste galdera odola eman aurretik?
Azterketa guztiz fidagarriak dira. Hala ere, pertsona bat odola eman baino egun batzuk lehenago gaixotasun batez kutsatu bada, gerta daiteke gaixotasun hori oraindik detektatzeko modukoa ez izatea. Horregatik, sendagilearen elkarrizketan egoera hori sor lezaketen jarduera arriskugarriei buruzko galderak bereziki azpimarratzen dira.

Odola ondo aztertzen badute, zergatik ematen diote horrelako garrantzia borondatezko emanaldiari eta zergatik uzten da alde batera emanaldi bideratua edo senitartekoen emanaldia?
Emanaldi guztiak aztertu egiten dira eta azterketa horiek guztiz fidagarriak dira; Hala ere, pertsona bat odola eman baino egun batzuk lehenago gaixotasun batez kutsatu bada, gerta daiteke gaixotasun hori oraindik detektatzeko modukoa ez izatea. Horregatik, sendagilearen elkarrizketan egoera hori sor lezaketen jarduera arriskugarriei buruzko galderak bereziki azpimarratzen dira, eta erabat seguru ez baldin bagaude odol emailea bere borondatez ari dela, moralki edo bere senitartekoen eraginez "behartuta" dagoelako, gerta liteke elkarrizketan emandako erantzunak guztiz zintzoak ez izatea, eta horren ondorioz segurtasuna askoz txikiagoa litzateke.

Transfusioa segurua al da?
Emanaldia erabat borondatezkoa bada ere, eta gaur egun egiten diren azterketen bidez emanaldia oso segurua dela ziurta daitekeen arren, beti egongo da arrisku pixkaren bat. Baina, horixe bera gertatuko zaigu, adibidez, autoa edo igogailua hartzen dugunean, itsasoan edo ibaian igeri egiten dugunean, perretxikoak jaten ditugunean, hegazkinean gabiltzanean etab.

Zein da odol-talderik onena?
Gutako bakoitzak duguna da odol-talderik onena, transfusio bat behar dugunean horretxen premia izango baitugu. Odol bankuetan 0- delakoa da interesgarriena, larrialdietan edozein gaixorekin erabil baitaiteke (ikusi bateragarritasun-taulak "zer da odola?" atalean)

Zenbat denbora irauten du emanaldiak?
5-10 minutu inguru, odol-emaile bakoitzaren zainen ezaugarriak kontuan izanik.

Nolako gaixotasunak transmititu daitezke odolaren bidez?
Ia-ia gaixotasun infekzioso guztiak. Nolanahi ere, historia klinikoa eta emaileei odola ateratzean egiten zaien miaketa kontuan izanik, gure inguruan ditugun gaixotasun kezkagarrienak honako hauek dira: hepatitisa, sifilia, HIES eta atzerrira egindako bidaiaren batean harrapa ditzakegun gaixotasun tropikalak. Horregatik da hain garrantzizkoa emanaldia borondatezkoa izatea, sendagilearen elkarrizketaren emaitzak erabat fidagarriak izan daitezen.

Zenbatean behin eman daiteke odola?
Odola eman ondoren gorputzak egun gutxi behar ditu berriro osatzeko. Nolanahi ere, legeek ezartzen dutenez, gizonek urtean 4 aldiz eman dezakete odola eta emakumeek 3 aldiz, emanalditik emanaldira bi hilabeteko tartea utziz betiere.

Emakumeek zergatik eman dezakete gizonek baino gutxiagotan?
Emakumeen burdina-erreserbak hilean behin urritu egiten dira hilerokoaren eraginez. Beraz, urtean 4 aldiz ematen duen gizon batek eta 3 aldiz ematen duen emakume batek urtean burdina-kantitate bertsua galduko dute.

Emanaldi bakoitzaren ondoren egiten diren azterketetan gorabeheraren bat ikusiz gero, odol-emaileari horren berri ematen zaio?
BAI. Azterketan gorabeheraren bat ikusiz gero, odol-emaileari horren berri eman eta beste azterketa bat egiten zaio emaitza ondo egiaztatzeko. Emaitza lehengoa bera baldin bada, zer daukan azaldu eta eman behar dituen pausoak jakinarazten zaizkio.

Halako odol-premia baldin badago eta gorputzak odola eman ondoren berriro osatzeko hain denbora gutxi behar baldin badu, zergatik jartzen ditu legeriak hain muga estuak?
Behar dugun odol guztia lortzeko nahikoa litzateke urtean 1.000 biztanleko 50 emanaldi izatea; horrela, emaile bakoitzak urtean 2 aldiz emango balu, nahikoa litzateke biztanleriaren %2,5 odol emaile izatea. Gurea bezalako elkarteek emaile-kopuru hori lortzeko lana egin behar dugu, gutxi batzuei gehiago emanarazten saiatu beharrean.

"...Ordaindutako emanaldia debekatuta dago. 25 emanaldi egin dituzten pertsonei zilarrezko domina ematen zaie eta 50 emanalditara iristen direnei urrezko domina. Batzuetan odol-emaileek promozioko oparitxoren bat jaso dezakete: giltzatakoak, pin-ak, etab."

Zergatik eman?

Eman ahal dut?

Non eman?

Gaur odola eman ahal duzu ...

Usansolo: TGEEZ-CVTTH - USANSOLO ospitalea
Az Abu 21 @08:30 - 14:00
Donostia-San Sebastián: CL. Manuel Lekuona, 1 - bajo
Az Abu 21 @08:30 - 13:30
Vitoria-Gasteiz: AMBULATORIO OLAGUIBEL
Az Abu 21 @08:30 - 21:00
Bilbao: Gran Vía - Diputación Foral
Az Abu 21 @09:15 - 14:00
Sestao: Alameda Las Llanas, Pl. El Kasko
Az Abu 21 @09:15 - 14:00
Erandio: Junto Metro, Calle Tartanga, 2
Az Abu 21 @16:30 - 21:00
Derio: Ambulatorio
Az Abu 21 @16:30 - 21:00
Donostia-San Sebastián: CL. Manuel Lekuona, 1 - bajo
Az Abu 21 @16:30 - 20:30
Okondo: OKONDO. AUTOBUSA-AUTOBÚS
Az Abu 21 @17:00 - 20:00
Pasaia: Pasai Antxo. Ambulatorio - Anbulategia
Az Abu 21 @18:30 - 20:30

Mugikorrerako aplikazioak

Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak, ekimen honen bidez, ohiko emaileek Euskadin odola non eman dezaketen jakitea eta euren emanaldiei buruzko kontrola eraman ahal izatea du helburu

 

 

Facebook-en jarraitu dezakegu ...

Twitter Facebook Youtube